Denontzako herria eraiki nahi dugu. Azkenaldian, inklusibitatearen garrantzia azpimarratzen ari zaizkigu alor desberdinetatik, Hezkuntzatik hasi eta jendarteraino; mundu justuagoa eraikitzeko bidean gako garrantzitsua dugu. Denok eskubide berak behar genituzke izan gure desberdinean, baina argi ikusten dugu egunerokoan batzuek oztopo ugari gainditu behar dituztela beste batzuentzako inolako eragozpenik ez dagoen lekuan. Leitzan, esaterako, badira norbanako eta kolektiboak ーadinekoak, gazteak zein umeakー, mugikortasun mugatua dutenak, eta zailtasunak dituzte eguneroko ekintza txikiak aurrera eramateko: hala nola, plaza inguruan oinez ibiltzeko, kalean modu seguruan ibiltzeko, jolas parkeek eskaintzen dituzten baliabideetan parte hartzeko… Haiengan jarri nahi dugu arreta. Hori dela eta, gure ekimenaren bidez, hauxe lortu nahi dugu: behar bereziak dituzten pertsonei bizitza errazteko ekarpenak egitea eta herritarrengan sentsibilizazioa areagotzeko kanpaina abian jartzea ekimen desberdinen bitartez. Finean, Leitza herri inklusiboagoa bilakatzea.
“Gaindi ditzagun hesiak eta sasiak, eta eraiki ditzagun elkarrekin bideak eta zubiak.”